Zabalduz
Zabalduz
Zabalduz
Zabalduz
Nor gara?
2012an, UBA adingabeentzako Harrera Egoitzako langile talde batek lankidetza proiektu bat hasi genuen Agintzarirekin, garapen komunitarioaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren balioak eta ikuspegia partekatuz. 2014ean, Zabalduz Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Elkarte mistoa eratu genuen.
Urteak daramatzagu babesgabetasun eta gizarte bazterketa egoeran dauden nerabe eta gazteekin esku hartze sozialaren esparruan lanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Babes eta Inklusio sareko hainbat errekurtso erresidentzial (larrialdiko egoitza, emantzipazio eta inklusio pisuak, egoitzak…) kudeatzen ditugu. Horrez gain, esku hartze komunitarioaren eta inklusio soziolaboralaren esparruan ere, beste hainbat proiektu berritzaile ditugu eskuartean.
Aktiboki dihardugu sareetan eta gure balioak partekatzen dituzten hurbileko erakundeekin lankidetza berriak sortzen.
Zabalduz kooperatiba Elkarteak Bogan eta kooperatiba mugimenduko Olatukoop zein Erkide sareetan parte hartzen du.



Misioa eta baloreak
Gure misioa da esku hartze sozialaren ereduaren aldaketa sustatzea, pertsonaren errespetua eta ongizatea eta bere bizitza kalitatea lortzeko. Jarduera ekologiko, jasangarri, garden eta hurbila eta komunitateari lotutakoa bilatzen dugu. Zabalduz Kooperatiba Elkartea nazionalitate eta kultura desberdinetako pertsonek osatzen dugu, eta konpromiso sozialak elkartzen gaitu.
- Kontzientzia eta justizia soziala.
- Lankidetza erakunde publikoekin zein eragile sozialekin.
- Profesionaltasuna, gure ekintza guztien funtsezko balio moduan.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna.
- Errentagarritasun ekonomikoa, sozietarioa eta soziala.
- Balio etikoak: konpromisoa, elkartasuna, dibertsitatearen errespetua eta justiziaren zentzua.
Zer egiten dugu
Esku hartze sozialaren esparruan, gizarte zerbitzuen sistemarekin lan egiten dugu, eta programa hauek kudeatzen ditugu:
- Larrialdietarako Harrera Zentroa, UBA. 2015. urtetik Gipuzkoako Foru Aldundiaren UBA larrialdiko harrera zentroa kudeatzen dugu, bakarra Gipuzkoako adingabeak babesteko sistemaren sarean, eta bi programa desberdin garatzen ditu bertan: (1) Bakarrik dauden adingabe atzerritarren Larrialdietarako Harrera Programa. (2) Larrialdietarako Harrera Programa: familia-erreferentea duten eta larrialdi-egoeran dauden adingabeak.
- Segurako Emantzipaziorako Laguntza Zentroa. 2018aren amaieran UBA zentroa gehiegi okupatu zenez, Segurako zentroa jarri zen martxan, esku-hartze soziala teknikoki hobetzeko helburuarekin. Baliabide berri hori helduarora igarotzeko prozesuan dauden adingabeei zuzenduta dago bereziki.
- GazteOn SareLan (Helduarora igarotzeko akonpainamendu programa). Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera burututako berrikuntza-proiektua; zailtasun pertsonal, familiar eta sozialak dituzten gazteak helduarora igarotzeko helburua duena. Programak gazteen autonomiaren garapena sustatzen du, arreta integrala eta 16 eta 23 urte bitartean hausturarik gabeko eredu bat eskainiz, GFAren babespean eta zaintzapean dauden nerabeei erantzun berriak emateko.
- Gizarte inklusioarako laguntzadun pixuen programa: 2021eko abendutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte inklusioko eta indarkeria matxistaren emakume biktimen arretako zerbitzuaren eskutik testuinguru komunitarioko etxebizitza integratuak kudeatzen ditugu. Laguntzadun etxebizitza integratuen testuinguan, arazo edo gabezia psikosozialak edota gizarte-eta familia-laguntza nahikoak ez dituzten pertsonei laguntza eskaintzen zaie bizitza normalizaturako prozesua garatu eta parte hartze komunitarioa sustatu ahal izateko.
- TRAPEZISTAK: Eusko Jaurlaritzarekin sustatutako programa pilotua da. Euskadin bizi diren eta familia laguntza edo sarerik ez duen gazteei zuzentzen zaie eta bizitza autonomo baterako prozesuan laguntza eskaintzen zaie programatik. “Leihatila bakarraren” filosofia eta elkarerantzukidetasun eta ikuspegi komunitarioko mekanismoen bidez Ibilbide pertsonalizatu eta integralak garatzeko programa da.
- Lehen Urratsa (Bitartetxeak): Programa honek aukerak eskaintzen dizkie egoera zaurgarrian edo egoitza-bazterkerian dauden gazte atzerritarrei, prestakuntza- eta komunitate-prozesu bat egiten ari direnei, batzuetan kale-egoera batetik (etxerik gabe), beren gizarte- eta lan-integrazioko ibilbideari jarraitu ahal izateko etxea eta euskarria izan dezaten. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua da eta Inor Atzean Utzi Gabe funtsaren barruan sartzen da.
- KIDEAK: Nafarroan familia-laguntzarik ez duten gazte migratzaileei laguntza integrala emateko programa esperimentala, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken eta Justiziaren kontseilariak urtarrilaren 15ean emandako 1/2021 Foru Aginduaren barruan, programa hori ezartzea onartu zuen. Helburua gazte horien garapen integrala sustatzea da, akonpainamenduan eta mentorizazioan oinarritutako metodologiak erabiliz.
- BATZEN Gazteak Enpleguratzeko Harrera Sistemak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Babes eta Inklusio sarean dauden gazteak enpleguratzea du xede. Enplegu inklusiboaren bitartez, martxan dauden zerbitzu eta errekurtsoekin osagarritasuna bilatuz, 16-23 urte arteko gazte migratu nahiz autoktonoen bizitza independenterako trantsizio prozesuen arrakasta ahalbidetu nahi da. Horretarako, Gipuzkoako formazio zentro, 3. Sektore sozialak eta garapen agentzien eskaintza formatibo-soziolaborala aprobetxatuz, eta eskualdeetako inklusio sareekin koordinatuz, gazteak enpleguratzeko sistema malgu eta egonkor bat artikulatzea da asmoa. Gipuzkoako enpresa orok, Harrera Enpresa bezala BATZEN sisteman beren ekarpena egin ahal izango dute. Besteak beste, gazteen gaitasun soziolaboralak eta lanerako motibazioa lantzeko ekimenak, inklusio soziolaboraleko ibilbide formatibo pertsonalizatuak garatzeko metodologia bat eta laneratze enpresa baten sorrera aurreikusten dira egitasmoaren baitan.
- Beterri-Buruntza eskualdeko Enplegu Sozialeko ekosistemaren dinamizazio eta Inserzio Soziolaboraleko zerbitzuaren kudeaketa. 2020 hasieratik Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalen eskarian oinarrituz, Enplegu Sozialeko ekosistemaren eta Inserzio Soziolaboraleko zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen gara. Egitasmo honen baitan, Enplegu Sozialeko gobernantza eredu berritzailea dinamitzatzeaz gain, hainbat baliabide soziolaboral eta ibilbide soziolaboralen jarraipena kudeatzen ditugu.
- AUZOZAINTZA Sare Publiko-Komunitarioa (Hernaniko Udala): Hernani Burujabe egitasmoaren baitan, AUZOZAINTZA Sare Publiko-Komunitarioa programa jarri dugu martxan Maitelan Kooperatibarekin elkarlanean. Proiektu honek bakardade egoera hauskorrean dauden Hernaniko adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea du helburu eta hiru lan lerro nagusi ditu: 1) TEKNOADINEKO: Bakardade egoera hauskorrak identifikatu, sailkatu eta ezagutzeko, eta komunitatearen eta gizarte zerbitzuen eskutik erantzun eraginkorrak aktibatzeko aukera ematen duen informazio sistema; 2) Akonpainamendu sozio hezitzaile eta komunitarioko zerbitzua; 3) Inklusio soziolaboraleko zerbitzua.
- HERRIA BIDELAGUN (Legorretako Udala): Bakardade egoera hauskorrean dauden edo sentitzen diren Legorretako pertsonak identifikatu eta herriko komunitatearekin lankidetzan pertsona hauen inklusio komunitarioa sustatzeko akonpainamendu programa da. Helburua programan parte hartzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea da eta bi lan lerro nagusi ditu proiektuak: 1) Bakardade egoeran hauskorrean dauden pertsonen detekzioa eta aktibazioa komunitarioa; 2) Akonpainamendu sozio hezitzaile eta komunitarioko zerbitzua.
- Oiartzungo zaintza ekosistema publiko-komunitarioa (Oiartzungo Udala): Proiektu honek elkarlan publiko-komunitarioaren bidez, bakardade egoera hauskorrean dauden Oiartzungo adineko pertsonen (+ 55 urte) bizi kalitatea hobetzea du helburu. Erronka honi erantzuteko, proiektua bi lan lerro nagusitan garatzen da: 1) TEKNOADINEKO, Bakardade egoera hauskorrak identifikatu, sailkatu eta ezagutzeko, eta komunitatearen eta gizarte zerbitzuen eskutik erantzun eraginkorrak aktibatzeko aukera ematen duen informazio sistema; 2) Akonpainamendu sozio hezitzaile eta komunitarioko zerbitzua.
- Gazteentzako etxebizitza komunitarioko BIDELAGUN zerbitzua (Errenteriako Udala): Gazteen emantzipazio prozesuan lagungarria izan daitekeen proiektu komunitarioa da. Gela bat eskaintzen da alokairuan, beste gazteekin elkarbizitzan eta kooperazioa du xedea. Parte-hartzaileek komunitateari begirako ekintzak garatzeko konpromisoa hartzen dute. Etxebizitzan beharrezkoa da bizikidetzan bizi diren 26 pertsona horien guztien inplikazioa. Funtzionamendua autogestioan oinarritzen da eta erabakiak biltzarrean hartzen dira. Era berean, bertan bizi diren pertsona guztiek bizikidetzaren ondorioz sor daitezkeen zereginetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dute (eskailerak garbitzea, sukaldea erabiltzea, Udalarekin koordinatzea eta abar).Hileko errenta diru-sarreren araberakoa da eta beharrezkoa da parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 9 orduko lan komunitarioa egitea dirua irabaztea xede ez duen elkarte batean. Horretaz gain, konpromisoa hartzen dute, komunitate gisa, urtean 4 ekintza egiteko Errenteriako komunitateari bideratuta.
Helbideak eta telefonoak:
Zabalduz Kooperatiba Elkartea
Ibaiondo ind. 27, 3.1 bulegoa, Orbegozo eraikina.
20120 Hernani (Gipuzkoa)
(+34) 943 084 646
zabalduz@zabalduz.eus